Programa Bereziak
Bizkaiko Foru Jauregia bisitatzeko programa
Informazioa eta erreserbak:
946 083 537.
bisitak@bizkaia.eus
Foru Jauregia Bizkaiko Foru Aldundiaren, hau da, Bizkaiko Lurralde Historikoko gobernu-organoaren egoitza ofiziala da. XIX. mendearen amaierako eraikin hau eklektizismoaren obra nagusietako bat da, Euskadiko eta Estatu osoko arte garaikidearen barruan. Foru-erakundeak bisita-programa bat eskaintzen du, astelehenetik larunbatera. Bisitariek jauregiko korridore eta areto bitxiak zeharkatzen dituzte, eta erakunde honek Bizkaiarentzat adierazten duen guztia deskubritzen dute.
Erreserbak egiteko, bidali mezu bat bisitak@bizkaia.eus helbidera, edo deitu 94 946 083 537 telefonora.
MAIATZA-IRAILA
Ibilbide historikoak
Informazioa eta erreserbak:
688 856 689
ibilbideak@bizkaia.eus
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibilbide Historikoen programa, Lurraldeko interes historikoko tokiak ezagutzeko aukera paregabea da. Maiatzetik irailera bitartean, bisita gidatuen eskutik, Bizkaiko historiaren xehetasun harrigarriak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek, garrantzi historiko itzeleko lekuak, bisitatuko baitituzte. Halaber, ibilbide historikoei esker, Bizkaian egiten ari diren arkeologia-indusketak lekuan bertan ikusi ahal izango dira.
Neolitotik industriaurreko garaira arteko Bizkaiko etapa nabarmenak ezagutaraziko ditu kultur eskaintza erakargarri horrek, baita Lurraldea bultzatu zuten eta haren ezaugarri nagusiak izan ziren jarduera ekonomiko eta politikoak ere. Hori guztia, gainera, Bizkaiak eskaintzen dizkigun paisaia ikusgarriekin eta natura joriarekin.
MAIATZA
Museoen Nazioarteko Eguna
Urtero, maiatzean, Bizkaiko Foru Aldundiak ekimen bat zuzentzen du Lurraldeko museo guztiekin elkarlanean, Museoen Nazioarteko Egunaren esparruan. Egun horren helburua da Bizkaian dauden 40 museotik gora agerian jartzea eta ezagutzera ematea, herritarrak Lurraldeko museo-jardueraren joritasunaz jabe daitezen.
URRIA
Ondarearen Europako Jardunaldiak
26. ediozioa da aurtengoa eta oraingoan ere, doako ehun kultur jarduera baino gehiago eskainiko dira Bizkaia osoan urrian zehar. Adin guztietako pertsonak lurraldeko ondare baliotsura hurbiltzeko beste modu bat, hainbat jarduerarekin: bisita gidatuak, tailerrak, hitzaldiak, antzerkia, musika, dantza…
Horrela, urria Bizkaiko Kultura Ondarearen hilabete bihurtu da duela bi hamarkada baino gehiagotik. Edizio bakoitzean, Bizkaiko Foru Aldundiak udalekin, kultur erakundeekin eta gizarte-erakundeekin batera lan egiten du programa biribila, askotarikoa eta joria prestatzeko, Lurraldeko eskualde guztietara iristeko asmoz.
2026ko Jardunaldiei buruzko argibideak, irailetik aurrera, hemen eskuragai: www.ondareabizkaia.eus
MusEkintza
MusEkintza arte eszenikoen jaialdi bat da, eta diziplina artistiko askotako ikuskizunak eskaintzen ditu, hala nola zinema, antzerkia, ilustrazioak, musika eta zenbait dantza-estilo. Espazio bakoitzerako berariaz prestatutako argiztapen eta proiekzio apaingarriak publikoaren esperientzia indartzen du.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako jaialdi honek geldialdia egiten du Bizkaiko museo batean edo toki historiko batean, kasuan-kasuan ikuskizun desberdin bat eskainiz.
Informazioa eta erreserbak: www.musekintza.eus
Bisitatu, galdetu, harritu, begiratu… Zenbat eta gehiago ezagutu Bizkaiko museoak eta enklabeak, orduan eta gehiago ezagutzen duzu zure kultura eta nortasuna.